Are you a Carer, Occupational Therapist or Physiotherapist? Join our Healsoul.

Orientazio
sozio-sanitarioa

Zalantzaren bat?

Galdera ohikoenei erantzungo diegu

01. Nire gurasoak adinekoak dira, eta dena ongi lotuta utzi nahi dute ni falta banaiz ongi zainduta egongo direla ziurtatzeko. Zer egin behar dut?
Garrantzitsua da jakitea, alde batetik, zer egin nahi duten eta, bestetik, mendekotasun egoeran daudenean nola nahi duten zainduak izan. Erabaki dezatela nolako etorkizuna nahi duten, orain, erabakiak hartzeko moduan daudela, eta, hartara, ez du beste inork euren ordez hartu behar izango erabakirik eta euren nahiak bete ahal izango dira. Bada horretarako agiri bat: AURRETIAZKO BORONDATEEN AGIRIA. Atxikitako fitxategietan azalduta dago agiri hori prestatzeko eta erregistratzeko prozedura zein den. Mendekotasunaren Balorazioa egiteko izapideak egiten hastea komeni da, asistentziako baliabideak eskuratzeko aukera izan dezaten, baita pertsonak artatzeko ezarrita dauden prestatzioak eskuratzeko aukera ere, betiere mendekotasun mailaren arabera. Horretarako, atxikita daude eskaera egiteko prozedura eta bete behar diren eranskinak.
02. Gure amari aldaka puskatu zaio eroriko baten ondorioz. Ebakuntza egin diote eta ospitaleratuta dago. Laster emango diote alta ospitalean, eta etxean laguntza handia behar izango du. Nik lanean ematen dut egun osoa. Zer egin dezaket?
Gure egoitza guztietan eskaintzen dugu aldi baterako egonaldiak egiteko aukera, ospitaleratuta egon osteko errekuperaziorako eta susperraldirako. Ebakuntzaren osteko prozesu guztiaren jarraipen indibidualizatua egiten dugu eta, hartara, ahalik eta berme gehienekin eta pertsonak berreskura dezakeen funtzionaltasun handienarekin itzuliko da etxera. Errehabilitazioa eta Fisioterapia, galdutako mugikortasuna berreskuratzeko eta indarra eta muskulu-tonua hobetzeko; terapia okupazionala eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak berreskuratzeko, hala nola ibiltzea, komunera joatea, janztea; osasun arreta, arreta medikoa eta erizaintzakoa pertsonaren bilakaerari jarraipen konstantea egiteko. Eskatu informazioa, inolako konpromisorik gabe, hurbilen duzun zentroan.

Ospitalean alta hartu ostean nahiago baduzue zuzenean etxera itzuli, Etxeko Zainketa Plana diseina dezakegu zuentzat, gure egoitza eta eguneko zentroetako profesionalekin, eta ahalik eta autonomia maila handiena lortzeko jarduerak proposatuko dizkizuete, betiere etxetik atera behar izan gabe. Hasierako Balorazioa egiten dugu pertsonaren alderdi guztiak aintzat hartuta: osasuna, alderdi soziala, funtzionala, kognitiboa, afektiboa... eta, horren ondoren, zuekin batera, hau da, pertsonarekin eta senitartekoekin batera, Ekintza Plana prestatzen da errekuperazioa benetakoa izan dadin eta jarraipena hilean behin edo hiru hilean behin egiteko. Informazioa eska dezakezue, inolako konpromisorik gabe, Orientazio Sozio-Sanitarioa emateko telefono zenbakira deituta.

Horretaz gain, Jangela Zerbitzua eskaintzen dugu etxean, erosketak egitera atera eta otorduak prestatu behar izan ez ditzan; etxeko hozkailuraino eramaten ditugu, egunero, jakiak, betiere menu orekatu baten barruan eta pertsona bakoitzaren nutrizio eta testura eskakizunetara egokituta. Zerbitzuari buruzko aurkezpena eta zerbitzuaren tarifak deskargatzeko dokumentuan daude. Aurrekoaz gain, etxean modu iraunkorrean behar baduzue laguntza etxeko lanak egiteko edo oinarrizko arreta pertsonalerako, udalek eskaintzen duten Etxeko Laguntza Zerbitzuaren eskaera egin daiteke.
03. Nire aitari Alzheimer gaixotasuna diagnostikatu diote, eta nik lanean lanaldi murrizketa eskatu behar izango dudala edo agian lan egiteari utzi behar izango diodala pentsatzen hasi naiz, aita etxean zaindu ahal izateko. Ba al dut prestazio ekonomikoren bat jasotzeko eskubidea?
Bai, “Zuk pertsonak zaintzen dituzu, Bizkaiak zu zaintzen zaitu” lelopean, Bizkaiko Foru Aldundiak Zaintzaileen Estatutua sortu du; erantzukizun publikoko hainbat neurri biltzen dituen dokumentua da, eta neurri horiek era mailakatuan ezarriko dira, pertsonak zaintzen dituzten horien lana aitortu, lagundu eta hobetzeko helburuarekin..

Hona hemen Estatutuan biltzen diren jarduera ildoak (ikus eranskin hau, xehetasun gehiago zehazten dira: Zaintzaileen Estatutuari buruzko informazioa):
1.- Zaintzaile informalen administrazio- eta lege-aitorpena sustatzea
2.- Aurreikuspen sistemei egindako ekarpenak konpentsatzea
3.- Zaintzaileentzako informazio eta laguntza zerbitzu integrala garatzea
4.- Zaintzaileen prestakuntza eta eguneratze profesionala bultzatzea
5.- Zaintza-lanen segurtasuna eta ergonomia sustatzea
6.- Zaintzaileen aldizkako atsedenaldia bermatzea

Era berean, familia-giroan zaintzeko prestazio ekonomikoa arautzen duen Dekretua ere deskarga dezakezu; prestazio horren helburua da zaintzaile ez-profesionalak emandako arretak eragindako gastuak estaltzen laguntzea, eta mendekotasunaren edozein gradu eta puntuaziotarako eman ahal izango da, betiere finkatutako baldintzak betez gero. Deskargatu Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 26ko 192/2018 Foru DEKRETUA, zaintzaileen estatutua eta familia-giroan zaintzeko prestazio ekonomikoa arautzen dituena, prestazioa eskatzeko zer egin behar duzun jakiteko.

Horretaz gain, Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren berri eta BFAren uztailaren 23ko 103/2013 Foru Dekretuaren (laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa arautzen du) berri emango dizugu; laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa laguntzaile pertsonal bat kontratatzearen ondoriozko gastuak ordaintzeko da; laguntza hori asteko gutxieneko ordu kopuru jakin baterako izan behar da, eta onuradunari aukera eman behar dio ikasketak egiteko, lan egiteko eta eguneroko oinarrizko jarduerak modu autonomoagoan egiteko.
04. Gure amak gurpil-aulkia behar du, ibiltzeko zailtasun handiak ditu eta. Etxebizitza egokitu nahi izango nuke, batik bat, komuna, etxean arkitektura oztoporik izan ez dezan. Non lor dezaket informazioa laguntzarako produktu horien eskaera izapidetu ahal izateko?
Oso garrantzitsua da etxeetako arkitektura oztopoak ezabatu eta espazioetako irisgarritasuna ahalbidetzea, mugitzeko eta joan-etorriak egiteko zailtasunak dituzten pertsonak ahalik eta autonomoenak izan daitezen.

Horregatik, BFAk finantzatzen dituen laguntzarako produktuak nola lortu eta zer izapide egin behar diren jakinaraziko dizugu.
05. Gure aitak iktus bat izan zuen eta, harrezkero, amak zaintzen du aita, baina oso nekatuta dago, eta aita eguneko zentro batera joatea nahi nuke, han ongi zainduta egongo delako hainbat orduz eta, hartara, amak atseden hartu ahal izango luke. Zertan dautza eguneko zentroak? Hainbat egunez edo hainbat orduz joan al daiteke?
Bai, gure eguneko zentroak pertsona eta familia bakoitzaren premietara egokitzen dira; hainbat aukera eskaintzen ditugu: egun solteak, astean egun 1 edo 2, egun erdia (goizez edo arratsaldez), edo bakoitzak behar duen maiztasuna.

Gainera, egonaldiak egokitutako garraio zerbitzuarekin kontrata daitezke, edo garraiorik gabe.

Egunez, pertsona zaintzen dugu eta arreta pertsonala ematen diogu, haren oinarrizko premiei dagokienez: higienea, elikadura, hidratazioa, atsedena… eta pertsonaren gaitasun funtzionalak, kognitiboak, afektiboak eta sozialak hobetzeko lan egiten dugu.

Kontsulta itzazu eskaintzen ditugun zerbitzuak, eta zuk behar duzunarekin bat datorren zentroa zein den jakin ahal izango duzu.

Egonaldia pribatua ala publikoa izan daiteke; erantsitako informazioa deskarga dezakezu.

Horretaz gain, nahiago baduzu, eguneko zentrora soilik bazkalorduan joateko aukera ere badago; menu osatua eta orekatua eskaintzen dugu, pertsona bakoitzaren dietaren edo gustuen arabera, eta ordu pare batez atseden hartzen dute.
06. Urte osoan zaintzen ditut gurasoak, eta oporraldi bat hartu nahi nuke nire familiarekin atseden hartu ahal izateko, baina ezin ditut gurasoak bakarrik utzi. Zer egin dezaket?
Egoitza batean aldi baterako plaza eska daiteke, zuek oporretan zaudeten bitartean zuen gurasoak ongi zainduta egon daitezen. Aldi baterako plaza hori publikoa edo pribatua izan daiteke.

Plaza pribatuaren kasuan, gure edozein egoitzetan egin daiteke aldi baterako egonaldia, egun 1etik 3 hilabetera bitarte. Jar zaitez harremanetan zure asmoetara hobekien egokitzen den zentroarekin, eta egin erreserba inolako kosturik gabe.

Plaza publikoaren kasuan, BFAk egoitzetako aldi baterako egonaldiak finantzatzen ditu, baina horretarako, mendekotasunaren balorazioa egina izan behar da aldez aurretik, eta aldi baterako plazaren eskaera egin. Atxikitako dokumentuetan azalduta dago zer egin behar den; gure egoitza guztietan eskaintzen dugu aukera hori.
07. Nire gurasoak egoitza publiko batean plaza lortzeko itxarote-zerrendan baldin badaude, bitartean, egoitza pribatu batean egoteko diru-laguntza jasotzeko eskubidea dudala esan didate, baina ez dakit nondik hasi ere egin.
Bai, egia da, badago Zerbitzuari lotutako prestazio ekonomiko bat, ZLPE; egoitza zentro batean ematen den arreta pribatuaren ondoriozko gastuak ordaintzen laguntzeko da, egonaldia iraunkorra nahiz aldi baterakoa izan. Horretarako, pertsonak Mendekotasunaren Balorazioa eskatua izan behar du aldez aurretik eta, gero, egoitza bateko plazaren eskaera izapidetu. ZLPE hori erabiltzailea egoitzako plaza pribatuan dagoen bitartean ematen da, betiere itunpeko plaza emateko itxarote-zerrendan dagoen bitartean. Zenbatekoa aldatu egiten da, pertsonaren Mendekotasun Graduaren arabera.

Gure zentro guztietan emango dizugu ZLPEari buruzko informazioa, eta izapideak ere egingo dizkizugu
08. Aita alargun geratu da eta bere sorterriko egoitza batera joan nahi du. Zer izan behar dut kontuan egoitza zentro bat aukeratzeko garaian?
Atxikitako dokumentuan, egoitza bat ala beste hautatzeko aintzat hartu behar diren hainbat alderdi aipatzen dira. Grupo Babesten taldetik, zera gomendatzen dugu beti, ahal den heinean, interesduna familiarekin joan dadila zentroa bisitatzera, eta hautaketa prozesuan modu proaktiboan parte hartzeko aukera izan dezala. Garrantzitsua da aukera guztiak aintzat hartzea eta interesdun guztien artean adostasuna lortzea.

Pertsona erroldatuta dagoen barrutiko/udalerriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan zerrenda bat emango dizute zure komunitatean dauden zerbitzu sozio-sanitarioekin.
09. Urteetan gora goaz gu ere, eta eskura ditzakegun baliabide eta prestazio sozialei buruzko informazioa lortu nahi genuke, aukera posible guztiak balioesteko. Ba al dago aukera guztiak biltzen dituen dokumenturik?
Urriaren 6ko 185/2015 DEKRETUAn (Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzkoa), aukeran dauden zerbitzu eta prestazio sozial guzti-guztiak deskribatzen dira, eskumenaren (udalarena, foru aldundiarena edo autonomia erkidegoarena) arabera bereizita, eta bakoitza eskuratzeko zer baldintza bete behar diren ere zehazten da.

Grupo Babesten taldean, Orientazio sozio-sanitarioko zerbitzua dugu eta, zerbitzu horretan, zerbitzu edo prestazio bakoitzari buruzko aholkuak eman ditzakegu, modu pertsonal eta indibidualizatuan; izan ere, kasu askotan, guk eskaintzen ditugu baliabide horiek, gure erakundearen bitartez.
10. Gure aitona fase terminalean dago; azkeneko une horietan ez dugu nahi berak sufritzerik eta, gauza ororen gainetik, duintasunez joatea nahi dugu.
Grupo Babesten taldean badakigu bizitzaren azkeneko uneetako arreta oso garrantzitsua dela; horregatik, gure egoitzetan, pertsona guztien eskubideak eta duintasuna bermatzen ditugu azken une hori iristen denean. Informazioa, sentsibilitatea, enpatia eta ondoan egotea eskaintzen dizkiegu, une oro, pazienteari eta haren senitartekoei.
11. Eskatzea bezala, FBZP jasotzen duenaren zaintzailearen atseden-zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoaren eskaera
Zaintzaileen Estatutuari eta familia-giroan zaintzeko prestazio ekonomikoari buruzko araudiaren bitartez, zaintzaileek atsedena hartzeko duten eskubidea aitortu da.

Xede horrekin, urriaren 15ean, irailaren 10ean onetsitako 140/2019 Foru Dekretua argitaratu zen BAOn, eta, haren bidez, egoitza-zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa arautzen da. Dekretuaren arabera, zaintzaileek urtean 15 eguneko atsedenaldia hartzeko eskubidea izango dute, eta 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera baliatu ahal izango dute eskubide hori.

Atsedenaldia hartzeko zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa ordaintzeko eskabideak atsedenaldia hartu baino gutxienez ere 45 egun lehenago aurkeztu behar dituzte mendekotasuna duten pertsonek. 2019ko azaroaren 15ean hasi daitezke eskabideak aurkezten.

Eskatzaileek baimena eman ahal izango diete egoitzei beren izenean aurkez ditzaten zerbitzua egiaztatzen duten fakturak.

Baimena emateko inprimaki hori egoitza elektronikoaren esteka honetan deskargatu ahal da: https://www.ebizkaia.eus/es/catalogo-de-tramites-y-servicios?procID=1566.

Fakturak aurkezteko, zerbitzua jaso eta hurrengo hileko azken egunera arteko epea dago. Zalantzarik izanez gero, telefono-zenbaki honetara dei dezakezu: 94.406.60.00 - Bizkaiko Foru Aldundia.

Laguntza gehiago behar al duzu?

Jarri gurekin harremanetan, eta aholkuak emango dizkizugu, doan

Zatoz gu bisitatzera

Gregorio de la Revilla zumarkalea 27, 3. solairua.
48010 Bilbo, Bizkaia
info@grupobabesten.eus

Idatzi mezu bat





Datu pertsonalak babesteari buruzko oinarrizko informazioa:

  • Arduraduna: BABESTEN, S.L.
  • Xedea: Zure eskaerei erantzutea eta gure orientazio soziosanitarioko zerbitzuak ematea
  • Legitimazioa: Zure datuak zuk aldez aurretik baimena emanez gero baino ez ditugu tratatuko; baimena emateko, gure webgunean horretarako jarritako laukitxoa markatu behar duzu
  • Hartzaileak: GRUPO BABESTEN taldeko beste enpresa batzuk
  • Eskubideak: Datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubidea, baita beste eskubide batzuk ere, informazio gehigarrian azaltzen denez
  • Informazio gehigarria:
    Datuak Babesteari buruzko informazio gehigarria eta zehatza kontsultatzeko, egin klik hemen.